Kaixo berriro ere pilotazaleok, Hemen gaude gaur ere blogari egurra ematen, zuek informatu eta Euskal Pilota sustatzeko helburuarekin!
Oraingoan gure esperientzia kontatuko dizuegu, izan ere, bisitatu ditugun bi herrialdeetan oso ondo pasatu dugu, lagunak eginez eta pilota irakatsiz. Italia eta Belgika izan ziren aukeratutako lurraldeak eta bertan genituen hainbat kontaktuk bidaia eta ostatua erraztu zizkiguten.
Uztailak 17, Lehen eguna Belgikan:
Goizean goiz heldu eta han genituen Moussa eta Johan gure zain. Motxilak eta traste guztiak utzi bezain laster hasi ginen dena prestatzen, izan ere lan dezente genuen egiteko.
Euskal pilotaren oinarriak eta jatorria azaltzea eta probatzea tokatzen zen eta horretarako Bote Luzea jokamoldean aritzea pentsatu genuen. Goizean, oso inguru politak eta egokiak zituen eliza batera eraman gintuzten, eta gure lagunen eta bertako beste batzuen laguntzarekin dena prestatu genuen. Amaitzean ikasle taldea ezagutu eta elkar bazkaldu genuen.
Bazkal ostean azalpenetan aritu ginen jendea kirolean kokatzen hasteko. Irrikaz ikusten genituen, eta horrek asko poztu gintuen!
Bosteko taldeak egin eta berotze ariketak hasi genituen eta, ondorengoa ia kontatu beharrik ez dago… Dinbi-Danba izugarrizko kolpeak, izugarrizko lehia, hura gozamena!
Nahiz eta jokoaren barne logikarekin zenbait arazo egon, adibidez marrak jokatzerako orduan zalantzak egon zirela, nahiko ondo moldatu ginen, bai gu azalpenetan, bai eurak ulertzerako orduan.
Uztailak 18, Bigarren eguna Belgikan:
Ederki lo egin ondoren berriro ere martxan jartzea tokatzen zen. Esku pilota tokatzen zen eta ondoko herrietatik bueltatxo bat emanez frontoia izango zena aukeratu genuen.
Lehenik eta behin azalpentxo bat eman genuen zenbait bideo erakutsiz eta gero oinarrizko ariketetatik hasiz esku pilotan aritu ginen. Banakako zein binakako norgehiagokak jolastu genituen eta lau t’erdiko modalitatean ere ibili ginen.
Arratsalde polita hura ere, barre egin, lehiatu eta kultura berriak ezagutuz euskal pilota zabaltzen gindoazen.
Gauean Ia herri osoa eta ingurukoak bildu zituen hitzaldi bat eman genuen. Egindako argazkiak erakutsi, bideoak ikusi eta arautegia eta bitxikeriak azaldu genituen.
Uztailak 19, Hirugarren eguna Belgikan:
Azken eguna izan zen hau eta oraingoan Pala-paletako hainbat modalitatetan aritu ginen. Aurreko eguneko tokia egokia iruditu zitzaigun eta hura aukeratu genuen berriro ere gure irakaskuntza saiorako.
Beti bezala hasierako txarla eman genuen eta horrekin batera kaskoak eta betaurrekoak banatu, segurtasuna bermatzeko. Gure lagunek arritu aurpegia baino ez zuten jartzen, hori bai, pilotak ikusi zituztenean…
Larruzko zein gomazko pilotak erabili genituen, baita ere Argentinar paleta modalitatera jolastu ere, nahiz eta trinketean era ezberdin batean jokatzen zela azaldu. Egia esan zailtasunak nabariak ziren eta horregatik, adibidez sakearen ezaugarriak moldatu behar izan genituen, gertuago, pasa luzeagoa...
Hau ere egun bikaina izan zen eta azkena zenez izugarrizko afari batekin agurtu ginen. Hunkituta utzi genituen bertakoak eta horrek pentsatzera eraman gintuen...



iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina