Euskal Pilotan jokamolde asko daude, baina atzerrian denak lantzeko oztopo ugari izan genituen, izan ere, jokamolde batzuetan jolasteko ezinbestekoa da instalazio bereziak edukitzea. Horren ondorioz, soilik hiru landu genituen, oinarrizkoenak.
BOTE LUZEA:
Marradun joko zuzenen artean kokatzen den jokamoldea da. Familia honetako jokamoldeen artean jokatzeko oztopo gutxien dituena delako aukeratu dugu.
Bote luzea ezagutzen diren jokamoldeen artean zaharrenetarikoa da. Esku hutsez jokatzen da eta plaza edo belar soro batean jokatzen da. Antzinan Europan zehar oso zabalduta egon zen, baina XX. mendearen erdialdean galdu zen. Euskal Herrian Zuberoan mantendu izan da hobekien.
ARAUAK: Taldeka jolasten da, 5:5 egoeran. Ez da erremintarik erabiltzen, esku hutsez jotzen da pilota. Erabilitako pilotak, pilota gozoak dira (110g ingurukoak). Normalean airez jokatzen da, baina bote bat ematea onartuta dago. Jokalekua 60x15 metro inguruko azalera izan behar du. Sakea botarri izeneko estruktura (mahai baten itxura) baten gainean punpa eginez egiten da. Bi zonalde desberdintzen dira, sakekoa (beti hemendik sakatu) eta errestokoa (beti hemendik eraman). Erabilitako puntuazio sistema kintzeak dira eta 10 jokora jolasten da. Horretaz gain Marrak dinamika dago, sistema honen bitartez joko eremua aldatzen da eta sakea trukatzen da.
ESKU PILOTA:
Euskal Herrian jokamolderik ezagunena eta jokatuena da. Instalazio desberdinetan jokatzen da: Frontoi motzean, trinketean edo plaza librean. Herrialde guztietan instalazio egokiak ez daudenez, leku bakoitzera moldatu behar gara, eta moldatzean geratzen dena, plaza librean jolastearen itxura hartzen du. Izan ere, txapa imitatuz zinta bat jartzea eta pareta handi eta egoki bat frontis bezala erabiltzea da errazena. Plaza librean binaka jolasten da, baina gure kasuan, moldatuta dagoenez, binaka naiz banaka jolastuko dugu. Esku hutsez jolasten da eta bote bakarra ematea onartzen da. Sakea sakeko marra atzetik punpa eginez egiten da eta sakeko marra eta pasaren artean sartu behar da.
PALA-PALETA:
Palako jokamoldeen artean, gomazko paleta jokamoldean aritzea aukeratu dugu, izan ere, arrisku gutxien duen jokamoldeetako bat delako. Euskal Herrian nahiko ohikoa den jokamoldea da. Erabilitako erreminta egurrez egindako zulodun paleta bat da. Bestalde, gomazko pilota azkar batekin jolasten da. Gure kasuan, herrialdearen eta instalazioen arabera jokoa moldatu beharra dago. Berez gomazko paleta frontoi motzean, trinketean eta plaza librean jolasten da. Esku pilotan gertatzen den bezala kasu askotan frontoia eskuratzerik ez badago, moldaketa egiterakoan, plaza librean jolastearen antz handia hartzen du. Binaka jolasten den jokamoldea izan arren, gure kasuan, batzuetan banaka eta teniseko pilota bat erabiltzen jokatu behar izan dugu. Binaka jolasten bada, ohikoena da sakea atzelariak egitea, baina, ez da derrigorrezkoa. Honen arrazoia, sakeko marra nahiko atzean dagoela da. Sakea Sakeko marraren eta faltaren marraren artean sartu beharra dago.

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina